
Lierni, Ormaiztegiko auzo bihurtuta
Erromeria Urteroko erromeria ospatu zuten igandean Liernin; 300 lagunetik gora izan ziren bazkarian eta gainontzeko ekitaldietan.
arkaitz apalategi
Tradizioak agintzen duenez, uztaileko bigarren igandean igotzen dira ormaiztegiarrak Liernira, urteroko erromeria ospatzera. Mutiloarren baimenarekin, egun batez Ormaiztegiko auzo bihurtzen da Lierni. Igandean ere ehunka lagun bildu ziren erromeriaren aitzakian, egun pasa ederra eginez. Goizeko lainoak uxatuta, giro ederra izan zuten egun osoan zehar, eta arratsalde partean eguzkiaren goxotasunean egin zuten dantza, iluntze partera arte.
Goizeko hamarretatik aurrera ekin zioten ormaiztegiarrek gorako bideari. Behin gainera iritsitakoan salda beroa eta txorizoa banatu zituzten denen artean. Guraso Elkartearen eskutik haur eta gaztetxoentzako jolasak izan ziren ondoren. Herriko trikitilariek lagunduta garai bateko jolasak eta egungoak uztartuz gozatu ederra hartu zuten txikienek.
Tradizioak dioenari jarraituz, eguerdiko ordubatean meza nagusia ospatu zuten Lierniko Amaren ermitan. Mezarekin batera, Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzaren saioa izan zen, beste behin ere. Emanaldiaren ondoren ordurako kanpoan atonduta zeuden mahaietan eseri ziren herritarrak, herri bazkarirako.
Bazkaltzen 300 bat lagun
Urtero jaki bereziren bat prestatzen dute herri bazkarirako. Aurten Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariak 300 bat lagunentzako oilaskoa prestatu zuen, menestra eta guzti. Beste askok etxetik eramandako haragia jarri zuten, horretarako prestatuta zeuden parrilletan.
Aurten ere herritar ugari igo da Lierniraino, eta denen artean giro ederra izan zen bazkari garaian. Arratsaldean, gainera, jende gehiago batu zen festara.
Arratsalde partean erromeria izan zen TZ taldearekin. Haurrek zein helduek dantza saio ederrak egin zituzten, euskal doinu ezagunek lagunduta. Goierri osoan dantzarik gehien egiten den plazetako bat da Liernikoa, egun horretan behinik behin.
Ormaiztegiarren arteko toka txapelketa izan ohi da Lierniko egunaren beste ekitaldietako bat. Arratsaldean zehar hainbat herritarrek parte hartu zuten txapelpeka honetan. Lehia estua izan zen, eta azkenean Jon Intsausti izan zen irabazlea.
Festa iluntze partean bukatu bazen ere, askok eguna luzatu eta afari mokadua egin zuten etxera itzuli aurretik.
Antolatzaileak gustura
Ormaiztegiko Udaletik azaldu dutenez, gustura gelditu dira Lierniko egunak emandakoarekin, izan ere «jende asko eta giro ona» izan ziren egunean zehar.
Antolatzaileek euren esker ona agertu diete Liernira joan eta eguneko ekitaldietan parte hartu zuten ormaiztegiar guztiei.
Musika
Aitor Furundarena
LAZKAO, Maizpideko zinema aretoan - 2008-08-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.