
2008-06-13 | 15:46:09
Irizarrek normaltasunez lan egin du gaur, garraiolarien greba gainditu ondoren
Bi produkzio egun galdu ditu Ormaiztegiko autobusgile kooperatibak
Gaur, ostirala, normaltasunera itzuli da Ormaiztegiko Irizar autobusgile enpresaen lan-jarduna, bi egunez produkzioa geratuta eduki ondoren. Gipuzkoan astelehenean hasi zen garraiolarien grebak autobusen egitura jaso ezinik utzi zuen Irizar, eta muntaia-katea geratu behar izan zuten astearte gauean. Asteazkena eta osteguna geratuta egon ondoren, gaur hasi dute berriz produkzioa, Irizarreko iturriek adierazi dutenez. Lan egin ez duten bi egunak berreskuratu egingo dituzte, noiz lan egin beharko duten zehaztu ez badute ere. Epe motzean ematekoak dituzten autobus bukatuen entregak ez direla atzeratuko gaineratu du Irizarrek.
Autobusak egiteko txasisik gabe geratu ondoren utzi behar izan zioten jardunari Irizarren. Euskal Herrian bertan kokatutako hainbat enpresak ekoizten dituzte altzairuzko egiturak, eta kamioietan eramaten dituzte Ormaiztegira. Barneko garraio etenaldiak unitaterik gabe utzi ondoren, muntaia-kate osoa geratu behar izan du Irizarrek. Egunean 8 autobus ateratzen dira, bukatuta, Ormaiztegiko faktoriatik.
Asteazkeneko eta osteguneko lan-egunak, produkziorik eman ez dutenak, errekuperatu egingo dituzte langileek. Hasiera batean larunbatetan lan egin beharko zela aurreratu bazen ere, autobusen entrega epeak, langileen disponibilitatea eta beste faktore batzuk aztertzen ari direla adierazi dute Irizarretik, bi egunak noiz sartu erabakitzeko.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.