
2008-01-12 | 13:43:39
Txirrindularitza
Izagirrek hirugarren egin du Espainiako Ziklo-kros Txapelketan
Usabiaga ahizpek zilarrezko domina bana lortu dituzte
Gorka Izagirre ormaiztegiarrak hirugarren postuan bukatu du azkenean Villarcayon (Burgos, Espainia) jokatu den Espainiako Ziklo-kros Txapelketa, 23 urtez azpikoen mailan. Proba irabazteko faborito nagusi gisa jotzen bazuten ere, brontzezko domina lortu du azkenean, David Lozano katalanak irabazi duen lasterketan. Irene Usabiagak kadete mailan, eta Ana Usabiagak juniorretan zilarrak eskuratu dituzte.
Villarcayoko barruti azkarrak eta teknikoak ez dio aukerarik eman Gorka Izagirreri lokatz artean bere ezaugarri den gogortasuna eta kemena erakusteko. Bestetik, Kataluniako txirrindulariek egin duten proba osoak (bi lehenak katalanak dira) eragotzi dio Izagirreri brontzetik goragoko dominarik irabaztea.
David Lozano irabazlearengandik 50 segundora sartu da helmugan Izagirre.
Lasterketaren hasieran Mauro Gonzalez ibili da buruan, erritmo bizia jarriz. Ondoren Erlantz Uriarte bizkaitarrak hartu du tiraka hasteko ardura.
Beste bi domina lortu dituzte goierritarrek, emakumezkoetan biak. Kadeten artean Irene Usabiaga ordiziarrak bigarren egin du, hiru euskaldunek osatu duten podiumean (Tania Calvok irabazi du). Juniorretan Ana Usabiaga ahizpak errepikatu du balentria, beste bigarren postu batekin.
Azkenik, beteranoetan ere saria lortu du Goierriko ordezkariak. Iņaki Maiora 50 urtetik gorakoen atalean txapeldunorde geratu da.
Bestetik, atzo errelebo modalitatean garaile atera zen Euskadiko selekzioa. Adin maila bakoitzeko ordezkari banarekin osatutako sei selekziok parte hartu zuten. Euskadiren elastikoarekin honakoak aritu ziren: Iņigo Quintano (kadetea), Jon Mazaiara (juniorra), Gorka Izagirre (23 urtepekoa), Ione Mujika (elitekoa), Unai Yus (elitekoa) eta Felipe Cotera (beteranoa).
Taldekide bakoitzak Villarcayoko zirkuitoari itzuli bat eman behar zion, txanda lagunari eman eta erreleboka guztiek bukatu arte. Euskadik lortu zuen urrezko domina, Asturiasek zilarrezkoa eta Cantabriak brontzezkoa.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.